Udaletxearen pinakoteka

23/10/2012
  • Herria:
    Urretxu

1902an jarri zituzten gaur egun Osoko Bilkuren aretoa apaintzen duten margoak, urte hartan amaitu baitziren udaletxea zaharberritzeko lanak. Izan ere, Udalak 1892an erosi zuen eraikina, udaletxea bertan kokatzeko, eta eraikina administrazio-funtzioetara egokitu beharra zegoen.
Honako margo hauek ikus ditzakegu:

  • Iparragirreren erretratua (1878). Antonio Maria Lekuonak Iparragirrerentzat margotu zuen koadro hau, margoa haren jaioterrian geratu behar zuela baldintzatzat hartuta.
  • Jose Vicente Labeagaren erretratua (1888). Merkatari aberatsa izan zen, eta Labeaga Eskolen fundatzailea. 1888ko erretratu hau 1870ean fundatzailearen ohorez egindako beste baten kopia da. Bigarren margo horren bidez, Udalak omenaldia egin nahi izan zion ongileari. Arturo del Campo errioxarrak egin zuen lana.
  • Gaspar de Jauregiren erretratua (1891). Independentzia Gudan eta Lehen Gerrate Karlistan borrokatu zuen militar ospetsua dugu hau, Brigadier Jeneral titulua ere lortu zuena. Enrique Doñatik margotu zuen koadroa.
  • Juan I.a Urretxuko foruak zin egiten.
  • Tomas de Ipeñarrieta e Idiaquez jaunaren erretratua.
  • Juan Carlos de Areizaga baroiaren erretratua.
  • Trilogia. 1905. Udalak Sabino de Icetari enkargatu zizkion koadro hauek.
  • Zenon Aranburu Urkiolaren erretratua. Lekaide jesuita. Txinan ebanjelioak zabaltzen izan zen, 35 urtez, eta herriko seme izendatu zuten 1953an. Felix Vaqueriza zumarragarrak egin zuen koadroa, 1975ean.
  • Necolalde kardinalaren erretratua. Urretxuko seme hau ezaguna dugu zenbait erlikia dohaintzan eman zizkiolako bere jaioterriari: 1674an Valentziara bidali zutenean, Santa Anastasia Xativako martirraren hezurrak bidali zituen herrira. Une hartatik aurrera, jaiak antolatu ziren gertaera hura ospatzeko, eta denborak aurrera egin ahala, San Martin herriko zaindariaren jai tradizionalak baino garrantzitsuagoak bihurtu ziren. Gaur egun, Santa Anastasiaren omenezkoak dira Urretxuko zaindariaren jaiak.

Margo horiez gain, alboko aretoan Velazquezek egindako bi erretraturen kopiak daude: Diego Corral de Arellano jauna eta Antonia de Ipeñarrieta y Galdos andrea. Antonio Baron Calzadok, Pradoko Museoaren kopiatzaile ofizialak, egin zituen, eta jatorrizkoak Madrilgo museoan daude ikusgai. Antonia de Ipeñarrietaren aita, Cristobal de Ipeñarrieta, Felipe III.aren kontulari nagusia zen, eta gortean bizi zen, familiarekin batera. Antonia Isabel Borboikoa erreginaren ohorezko dama zen, eta, dirudienez, haren altuera eta gorpuzkera liraina deigarri iruditu zitzaizkion Velazquezi. Horrela, espainiar margolariak Antoniari eta haren senarrari erretratua egin zien.


Fullscreen-Logo
Ayuntamiento Urretxu

loading map - please wait...

Ayuntamiento Urretxu
43.093102, -2.313743
Ayuntamiento Urretxu

  • euskadi-turismoa
  • San Sebastian Region
  • Tierra Ignaciana
  • UGGASA