Ekitaldi batzuk bertan behera

Urola Garaiko ekitaldi garrantzitsuenetako batzuk bertan behera geratu dira, egungo egoera dela eta.

Urola Garaiko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat, Urrelur mineralogia eta paleontologia astea, bertan behera gelditu da, Euskadiko epidemia-agerraldiari eusteko Aginduan ezarritako osasun publikoko neurriak betez.

Aurtengoa 33. edizioa izango zen eta, beste urte batzuetan bezala, aurreikusita zeuden jarduerak asko eta askotarikoak ziren: haurrentzako jolasak, ikasleentzako bisita gidatuak, mineral eta fosilen azoka… Horiek guztiek protokolo bereziak jarraitzen zituzten eta egoera berrira egokituta zeuden. Urretxuko udalaren webgunetik adierazten denez, “egoera okerrera egin du eta momentu honetan, egokiena programazioa bertan behera uztea dela erabaki du antolakuntza batzordeak”.

Eskualdeko beste ekitaldi handietako bat, Santa Lutzi Azoka, Urretxuko eta Zumarragako udalek ere bertan behera utzi dute, COVIDetik eratorritako aginduetako bat kontuan hartuta. Agindu horrek merkatu eta azoka tradizionalak aldi baterako etetea jasotzen du. Horrela, azokak sortzen dituen jende pilaketa handiak saihestu eta osasuna lehenetsiko da.

Bestetik, azaroan ospatzen den ohiko Buzkantza Eguna aurten ere ez da ospatuko. Beste baterako utzi beharko dira egun honetan ospatzen diren ekitaldiak, hala nola odolki dastatzea, herri kirolen erakustaldia edo pintxo lehiaketa.

Urriaren 31n, Ezkioko Igartubeiti Baserrian antzerki-ipuin bat egitea aurreikusita zegoen, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatua, eta hori ere atzeratu egin da, aurrerago jakingo den data batera.

2020-10-29T11:26:01+01:00October 28th, 2020|Berriak, Web berriak|